2016(e)ko maiatzaren 26(a), osteguna

Itzulerako hegazkina: Hego Ameriketan bizikletaz (2012)

Itzulerako hegazkinek ez zaituzte inoiz abiatu zinen toki berera bueltatzen. Etxeko ataria igarotzean, bizi izan dudanari zentzua bilatu nahi diot. Zerbaitetan aldatu nauen, zer gelditzen zaidan. Luze eta aldi berean labur eman duen bidean nirekin eramandako motxila gorria lepotik kendu eta bere ondoan eseri naiz lurraren gainean. Ea zer dakarren barruan. Kremailera irekitzearekin batera soinu urrun baina argi bat iritsi zait belarrietara. 



Ayabiriko suhiltzaileen ehun eta hirurogeita hamargarren postuan anbulantzia dago. Peruko beste anbulantzia asko bezala, zuri eta gorriz margoztua dago. Ayabiriko suhiltzaileen anbulantziari bigarren begiratua ematean, ordea, retro itxura hartzen diozu. Anbulantzia hau mila bederatzirehun eta hirurogeita hamabostekoa da. Ez du abiadura handirik hartzen, eta kasik gasolina baino olio gehiago kontsumitzen du. Sergiok esan digu askotan lanak izaten dituela anbulantzia martxan jartzen, badirela egun batzuk noiz ezinezkoa izaten den motorra bere loalditik esnaraztea.

Sergio Ayabiriko suhiltzaileen ehun eta hirurogeita hamargarren postuko sargentua da. Sergioren etxea postu hau berau da, urtean hirurehun eta hirurogeita bost egunez, egunean hogeita lau orduz. Ez dauka gurasorik, ezta emazte eta seme-alabarik ere. Bere familia suhiltzaileen ehun eta hirurogeita hamargarren postura txandaka hurbiltzen diren Ayabiriko gazte zein heldu bolondresak dira. Nabaria da guztiek Sergiori dioten errespetua. Egiten duen lanaren trukean jasotzen duen ordaina ingurukoen mirespen zintzoa da. 

Hein handi batean, Sergioren jarduna Ayabiri gurutzatzen duen Panamericana errepidean gertatzen diren trafiko istripuak sorostera hurbiltzea da. Panamericana errepidean zuzengune luzeegiak daude, eta bertatik igarotzen diren kamioi eta halakoak gehiegizko abiaduran joaten dira sarritan. Ayabiriko hospitaleak badu anbulantzia berri bat, baina hari deituz gero istripuan zauritutakoek berrehun eta berrogeita hamar sol ordaindu behar dituzte; dirurik izan ezean, lasai asko utziko dituzte bide ertzean odolhusten. Sergiok ez du suhiltzaileen ehun eta hirurogeita hamargarren postuko anbulantziarekin joatearen truke dirurik eskatzen. 

Sergio eta bere kideak oso atseginak izan dira gurekin. Gaua suhiltzaileen ehun eta hirurogeita hamargarren postuan gaua igarotzen utzi digute. Postua batere luxu gabekoa da. Komunaz gain, gela nagusian gorriz margozturiko armairu bana daukate suhiltzaileek, lotarako bi ohatze beste ertzean. Ordenagailu kaxkar bat eta telefonoa ere badaude. Alabaina, kanpoan egiten duen hotzarekin, kanping dendan lo egitea baino aukera askozaz erakargarriagoa da lehiatedun txoko hau. Motxila eta bizikletak postuko izkina batean utzita, hurbileko taberna batean oilasko errea afaldu dugu patatekin. Guztiz nekatuta joan gara lotara. Goizeko ordu biak aldera telefono deiak iratzarri nau. Non nagoenaren kontzientzia izan orduko Sergio aditu dut anbulantziaren motorra martxan jartzen. Zorteko gaua gaurkoa, berehala abiatu da anbulantzia errepidera, sirena hotsa ozen entzuten zela. Munduaren patu justua Sergio heroiaren eskuetan dagoela jakinik, buelta erdia egin eta patxada berezi batekin jarraitu dut lotan. 

Sergio beste anbulantzia bat lortu nahian dabil Ayabiriko suhiltzaileen ehun eta hirurogeita hamargarren posturako. Juliacako postuan ba omen dago erabiltzen ez duten bat, eta Sergiori laster Ayabirira eraman ahal izango duenaren hitza eman diote. Anbulantzia berria mila bederatzirehun eta laurogeita hirukoa izango da.





Eskerrak gure bideak ez direla beti Panamericana bezain zuzen eta monotonoak; bestela gu ere kolpatuko ginake. Kremailera guztiz ireki dudanerako ixildu da sirena hotsa. Eskua sartu dut orduan motxila gorrian, berehalakoan argazki batekin topo egiteko. Meatzari talde bat, erropa lokaztuekin, beraien kasko argidunak eta guzti. Meatze barruan daudela dirudi. Masailetako batean hantura nabaritzen zaie, ziur koka orriak mastikatzen ari direla. 

Hurbildu zaitezte hona, ez kezkatu. Eskertzen dizkizuet motxila gorri horretan ekarri dizkidazuen koka orriak eta alkohola. Infernu hontan pasako ditudan ordu guztiak jasateko balioko didate. Ez uste nire aukera izan denik hemen lan egitea. Hamabost urterekin neska bat haurdun utzi nuen, ez nuen beste alternatibarik izan. Aitak potroak moztuko zizkidan bestela. Ez beldurtu, pasabiderik estuenak igaro dituzue jada. Hemen espazio gehiago dago. Arrastaka igo zareten pasabidetik behera botatzen dut lortzen dudan minerala, galeria nagusiraino. Eta handik, gurdien bidez, kanpora. Pasabide hori itxiz gero, lasai, aurkituko genuke irteeraren bat beste galeria batera. Mendi hau gruyere gaztaren gisara zulatuta dago. Hurbildu zaitezte, goazen deabruaren omenez topa egitera. Gaurkoan behintzat haserretu ez dadin. Hemen azpian berak beste inork ez du agintzen. Ez pentsa, ondo dakit lan honetan hiltzeko aukera asko dauzkadala. Eztanda baten edo irensten dugun hauts toxiko honek eragindako gaixotasun baten ondorioz. Egunero gertatzen dira horrelakoak Cerro Rico honetan. Espainiarrek, beraien inperioa finantzatuko zuen bezainbat zilar atera ondoren, alde egin eta, hara, hondar apurrak besterik ez ziguten utzi hemen gelditu ginen koitaduoi. Kolono ahalenak! Egun, hamabost mila meatzari gara zulo hauetan lanean. Asko eta askoren ametsa da Espainiara joan eta lana erraz eginda aberastea. Nik ere pentsatu izan dut inoiz. Hemen aberasteko izugarrizko zortea izan behar duzu, zilar-zain puru bat aurkitu. Seguru Espainian lana meatzean baino errazagoa dela. Esana didate Espainia itsaso mailan dagoela, ordea. Eta nik behin ikusita ditut telebistan maremoto baten irudi beldurgarriak. Badakit hura Japonian gertatu zela, eta ez Espainian, baina berdin dit. Izugarrizko sarraskia eragin zuen olatu beldurgarri hark, telebistan ikusi nuen. Bolibian ez da horrelakorik gertatzen. Seguru bizi gara hemen lau mila metrotara.

Meatzariak ez dakiena da Espainiarako hegazkinek ez zaituztela berriro ere toki berera itzultzen. Alde batera utzi dut bere argazkia. Hurrengoa motxila gorriak barrualdean duen botoidun poltsikoan aurkitu dut, oso gutxitan irekitzen dudan poltsikotxo txikian. Hosto zahartuari begira gelditu naiz. Erditik tolestua dago, eta ertzak kaltetuak ditu, baina nabaria da azaleraz nahiko handia izana zela. 

Amazonas ibaiaren arroan, oihaneko bizitza ez da erraza. Gainpopulaturiko ekosistema hartan, lurzoruak eskeintzen dituen elikagai oparoak eskax bihurtzen dira. Alabaina, argia da altxor preziatuena. Argia ezinbestekoa da arnasketa burutu ahal izateko, eta beronen puska bat eskuratzeko gainerako guztiekin lehiatu beharra dago: inor baino altuago hazi, inork baino hostotza zabalagoa hedatu.

Motxilako nire hostoa Patxua-rena izan liteke. Zuhaitz ibilitari hau egoera aldakorretara moldatzen da. Eguzki-argi gozoaren bila bere makurdura aldatzeko gaitasuna du. Horretarako, lurrera bidaltzen ditu adar batzuk, makulu gisa, orekari eutsiz. Urteekin amona bat emango du, makuluak atzean eta alboetan, iraganeko argi partzelen kokalekuen oroimena mantenduz. 

A, ez! Baliteke Matapalo zuhaitz ankerrarena izatea hostoa. Landare parasito honek beste zuhaitz baten goikaldean hazia utzi eta bertan ernetzen da. Inbasioa arrakastaz burututa, lehendabiziko urteetan zuhaitz okupatuaren kontura biziko da, hari izerdia xurgatuz. Bitartean, pixkanaka, besarkada hilkor batez joango da jatorrizko zuhaitz gaixoa inguratzen. Zuhaitza guztiz akatu eta oihanean bere tokia ordeztu aurretik, Matapalo okupatzaileak sustrai batzuk bidaliko ditu lurzorura. Horrezkero ez du zuhaitz okupatuaren beharrik, lana errematatzea besterik ez du falta. 

Edo zertan ez Mapajo-arena? Zuhaitz hau ikaragarri handi hazten da. Porte izugarri horrekin, inguru zabaleko erregea dirudi. Hala ere, ez da batere inposatzailea. Alderantziz, ezin konta ahala intsektu, lore, hegazti, inurri, zuhaixka, karraskari eta tximeleta bizi dira bere baitan. Guztiek bilatzen dute Mapajoaren babesa, eta Mapajoak ere hain bizilagun ezberdinak izatetik onurak jasotzen ditu. Harmonia da nagusi. 

Hostoaren gainazal lakarra sentitu dut behazpean. Antzeko giza-oihanean bizi gara gu ere. Eta badira, hemen ere, bizirauteko estrategia desberdinak. Hostoa argazkiaren gainean utzita, hankaz gora jarri dut motxila, ezer gehiago aurkitzeko esperantza galduta. Erori diren gatz aleek sorpresaz harrapatu naute.  

Gatza. Gatz piloa. Eta hotza. Izugarrizko hotza. Batez ere bart gauean. Incahuasi irlako aterpera heldu orduko, gaua iritsi zenean. Kanping denda ezerezaren erdian jarri behar izan genuenean. Ezerezaren erdian diot, baina ez, gatzaren erdian esan beharko nuke. Ilargiko gainazal zurian. Goizean, egunero legez, eguzkia atera da, indartsu. Alabaina, oraindik hotz egiten du. Froga gisa, botiletako urak izoztuta jarraitzen du. Gatzezko desertuan. Motxila gorria ere berehalakoan jantzi dut, bizkarra zertxobait berotuko didalakoan. Hala eta guztiz ere, beteta sentitzen naiz, gatz honek betetzen nau. Bart gaueko pasta sukaldatzeko ere erabili genuelako, akaso. Hamar mila milioi gatz tonelada daude. Nire gurpilen pisuaren pean kraskatzen dira. Hamabi mila metro karratu zabal, ehun metro sakon. Gatzezko paisaia hotzean. Nabigatzeko ez dute mapek balio, ez baitago biderik. Norberak bere bidea egin behar duelako. Iparrorratzak gidatzen gaitu. Thunupa sumendirako, pedalkadak ipar-mendebalderantz. Andeetako gatzezko itsasoan. Hegazkinek eramaten ez zaituzten lekura. 

Gertatu, gertatu da, nirekin baitauzkat sirena hotsa, meatzariaren argazkia, zuhaitz hostoa eta gatz aleak. Ahaztezin izan zaizkidan errealitate zatien lekuko. Zertan aldatu nauten, ordea, ezin nezake nik eta gaur erantzun. Badakit ez dela itzulerako hegazkinik, baina baita ez dudala beraien premiarik. Beharbada, biharko eguna iritsi eta bidaia hau ahaztezina izan zela ahaztuko zait. Beharbada, horrek motxila gorria berriz lepoan jarri eta etxetik ateratzera bultzatuko nau.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina