2016(e)ko maiatzaren 11(a), asteazkena

SINFERMINES 2016: Uztailaren 2tik 9era Nafarroan zehar

Gozatu Nafarroako SINFERMINETAN bi gurpilen gainean, BIZIZ BIZI eta BICICLISTAS DE CORELLAren eskutik. Atsegin handiz.






Kaixo, bizikletazaleok:
Transhumantzia egiteko garaia heldu da. Puztu zentzumenak, denak erabiltzeko aukera izango duzuelako, eta koipeztu artikulazioak. Badakigu bizikleta baten ametsa dela gizaki baten lepora igo eta pedalak belarrietan jartzea. Era berean, badakigu geure ametsa dela pedalen gainean oinak jarri eta goxoki ibiltzea pagadi eta arizti amaigabe eta basamortu isil eta miresgarrien barna, espiritua energiaz eta jakinduriaz betetzen goazen heinean. Ahaztu ditzagun gizatasun falta, doilorren diru gosea eta eguneroko bizitzaren ondoezak, eta pentsa dezagun erregai fosilik gabeko bizitza posiblea dela. Gure zakuto txikietan sartzen den apurrarekin zoriontsuago bizi gaitezke.
Biziz Bizi eta Biciclistas de Corella elkarteek gonbitea luzatzen dizuete: zatozte uztailaren 2tik 9era gurekin eta gozatu Nafarroako “SINFERMINAK
Horrela dio aspaldiko esaera batek gaztelaniaz; transhumantziari egiten dio erreferentzia: “A la Bardena del rey ya vienen los roncaleses a comer migas con sebo por lo menos siete meses”. Uda joan da eta Pirinioko artzainak, abelbideetatik, Ebro ibaiaren aldeko lurretara jaisten dira negurako bazkalekuen bila.
Euskal Herriko mendirik garaiena eta Mariren bizitokia den Hiru Errege Mahaiak dituen 2444 m-etatik Bardeetara, frenorik gabeko bidea egingo dugu eta kontrastez beteriko lurralde aberatsa ezagutuko dugu; bertan Pirinioetako freskura kiskaltzera helduko da eta  berdea okre eta urre kolore bihurtuko da.
Batek dio marinelentzat eginiko topaketak diruditela “portu” ugari igo behar dira eta, baina Aristotelesek zioen bezala, “maiteago dugu konkistatzea gehiago kostatu zaiguna”.


Nafarroa euskararen jaioterria da, 1167an Antxo jakintsuak bataiatu lez, “lingua navarrorum”aren jaioterria; euskaldunontzat, beraz, “anai zaharra” eta maitatua da Nafarroa.


Gozatu Nafarroako SINFERMINETAN bi gurpilen gainean, BIZIZ BIZI eta BICICLISTAS DE CORELLAren eskutik. Atsegin handiz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina