2016(e)ko urtarrilaren 29(a), ostirala

Munduko errepide garaienetan bizikletaz: Himalayatik zazpi oroitzapen

Javi eta Marta gara, Biziz Biziko kideak. 2015eko udako oporretan Indiako iparraldetik bidaiatu genuen bizikletaz. Ahaztuko ez ditugun zazpi aste horiek zazpi gogorapenetan laburbildu ditugu.

Norberaren bizitza ez da gertatutakoa, oroitzen duguna eta nola oroitzen dugun baizik, dio García Márquezek. Beraz, hemen kontatutakoa, ez da uda honetan Indiako iparraldean zehar zazpi astez bizikletaz bidaiatzen bizi izandakoa, nire oroitzapenak baizik.

Aitak etxetik mugitu gabe bidaiatzeko asmoarekin aspaldi erositako The Times Rialp Atlas of the World-en Leh non zegoen begiratu nuenean, aurkibide luze hartan Legutioren azpian zegoela ikustean, hara joan behar nintzeneko seinaletzat hartu nuen. Gero beste seinale batzuk etorriko ziren, neuk asmatutakoak ala patuak bertan jarrita, batek daki nahia eta errealitatearen arteko muga ikusezina non dagoen.



Hori erabaki eta informazioa biltzen hasi nintzen. Urruneko herri arrotzetara joaten garen abenturazaleok, arriskuen berri nahi dugu. Ederto jakin behar dugu abentura eta zoritxarraren arteko muga non dagoen. Kaxmirren, Pakistango mugan, gauzak lasai zeudela ematen zuen. Horrek ez zuen esan nahi biktimarik ez zegoenik,  biktimak konfliktoko partaide zuzenak zirela baizik.






Lehenengo oroitzapena: erlijioen zentzugabekeria.

Srinagarrera heldu gara eta handik bi egunera euria etengabe hasi da, montzoi erara. Ondorioz, sarritan gertatzen den lez, errepidea moztuta geratu da. Hasi berria da Hinduek Himalayara egiten duten Amarnath izeneko erromesaldi herrikoia eta milaka erromes harri eta lokatzazko tapoi batean harrapatuta gelditu dira. Denak ez ordea, erosteko ahalmen handiko erromesak, helikopteroz joan direnak ez, noski. Horiek, errepide menditsu hartan jausitako harri erraldoi hura ikusi ere ez dute egin. 

Shiva jainkosa gurtzeko helikoptero bidaietan xahututako diruarekin, mila ideia eta giza proiektu zoragarri etortzen zaizkit burura.

Bigarren oroitzapena: gizakia naiz

Laugarren egunean, montzoiari muzin eginez, zakutoak bizikletan jarri eta  Srinagarretik atera gara. Egun goibel eta iluna da. Kaxmirreko independentistek martiren eguna ospatzen dute. Hiri zaharra abertzaleen bizilekua izanik, militarrek hartuta dute eta tentsio handia sumatzen da giroan. Biluzturiko kaleetan dendak itxita daude eta Indian hain ohikoa den klaxonetako soinuaren arrastorik ez.

Soldaduek, kamuflatzeko arropak jantzita eta keinu serioa aurpegian, buelta emateko aginduko digutela pentsatu dut. Pasaportea eskatu, nora gindoazen galdetu eta alanbre-hesiak kendu dituzte gu pasatzen uzteko. Une batez, okerreko momentuan okerreko tokian egotearen susmoa izan dut. Euri tanta setatsuei ere ez diet erreparatzen. Aurrerako ihesa hau onerako ala txarrerako izango den jakin barik, handik atera nahi dut lehenbailehen. Tadjikistanen duela urte bi bizi izandako gerra etorri zait burura eta ez dut ulertzen zer egiten dudan berriro ere konfliktoan bizi den herri batean. Ez dut ulertzen batez ere ausarta ez naizelako ezta buru arina ere. Gizakia harri berean bitan estropezu egiten duen animalia bakarra bada, ni gizakia naiz zalantzarik gabe.


Hirugarren oroitzapena: oxigenorik gabeko puzgarriak

Zoji La mendatea igo ondoren leher eginda gaude eta jaitsitakoan herrixka musulman batean galdetu egin dugu denda jartzeko txokorik badagoen. Baietz esan digute, edonon jarri dezakegula inolako arazorik gabe. Eskarmentuak ere gauza bera esaten digu, bisitatutako herri musulmanetan horrela izaten delako. Herriko jendea hurbildu eta guri begira geratzen da, disimulurik gabe. Doaneko ikuskizuna bihurtu gara. Globoflexia egiteko puxikak ekarri ditugu. Halako batean Javik puzgarriak atera ditu eta loreak egiten hasi da. Zoramena izan da. Txikiak eta nagusiak batera, puxikak eskuetan, loreak nola egin ikasi nahian.  Hurrengo egunean goiz goizean umeak hurbildu egiten dira "An kol men" - urduz puxika bat, mesedez - eskatzen.

Laugarren oroitzapena: uste baino gogorragoa naiz.

Jet lag oraindik buru joka dabilkidala, porlan publizitate batean "you are stronger than you think" irakurri dut. 

Pentsakor geratu naiz eta niretzat idatzita dagoela iruditu zait. Esaldi horrekin sarritan gogoratu naiz bidaia honetan. Fotu la igotzen ari naizela arnasestuka adibidez. Kamioi bat ezin mugitu geratu da lokatzak harrapatuta. Gizonak bultza eta bultza ari dira eta Tata – horrela dute izena Indiako kamio dotore eta koloretsuak - atzera ez egiteko gurpilen atzean harritzarrak jarri dituzte. Hortzak estututa pedalei gogor eraginez, ondotik pasa naiz geldituz gero lurrak ni ere harrapatuko nauela sinistuta. "You are stronger than you think" berriro ere burura etorri zait.

Tanglang la gora, 5.100 metrotan azken bihurgunea eman dut eta haizeak gogor jo nau, aurrez aurre, gupida gabe. Indar agortuak, begietan malkoak egindako esfortzuak hustu eta ahul utzi nauelako. Hala ere hemen nago, "you are passing through second highest pass of the world. Unbelievable,  is not it?" - munduko bigarren mendate altuenetik ari zara pasatzen. Sinestezina, ezta? - dio kartelak. Bai, sinesgaitza da. Srinagarren hesi hartan irakurritakoa egia da: I’m stronger than I think. Motorzaleek atzamar potoloa zerura begira agurtzen gaituzte pasatzean. Ondotxo dakite gu, motorrik gabe goazenok, arnasestuka, benetako heroiak garela.

34.000 metro desnibel positiboa GPSak dio. Nekea, mina ipurdian, belaunetan… batzuetan gora heldu, aldapa amaigabea amaitu  besterik ez dut nahi.



Durbante laranja baten azpian sekulan ez moztutako ilea ezkutaturik, sij batek, Tata distiratsua gidatzen ari dela, eskua ezpainetara eraman eta barrez musu inozentea bidali dit.

Lehra heltzean, begiak goratu ditut urruneko zortzi milak ikusi nahian, Parisa heldu nintzen egun hartan, Eiffel Dorrea ikusteko egin nuen bezalaxe, hain garaia izanik, toki guztietatik ikusi behar zela sinistuta.





Bosgarren oroitzapena: Sisu txakur nomada eta errepideko beharginak

Burbuilazko plastiko batean ibiliko banintz bezala, saltoka noa harri borobilen gainetik. Atzetik Sisu dator. Sisu ez da bere benetako izena, gurekin elkartu zeneko herriarena baino. Agian horrexegatik ez du kasurik egiten entzutean. Beltza da, baina eskumako hanka zuria du. Esango nuke Sisuri bizitzan gehien gustatzen zaiona txirrindularien atzetik joatea dela. Inoiz ez da gu baino arinago joaten eta aldats behera atzean geratzen bada ere, aldats gora harrapatuko gaituela jakin badaki. Guztira 90 km egin ditugu elkarrekin begirada konplizeak trukatzen, aspaldiko lagunak izango bagina bezala. Gehiagotan egin duela dirudi baina, hala ere, zinez hunkigarria egiten zait.

Lagunei esaten diet Indiako iparraldea ez dela India. Edo behintzat ez dela nik espero nuen India txiroa eta zikina, agian salbuespen bakar batekin: errepideetan aritzen diren beharginak. Indian plastikozko poltsarik ez badago ere,  Border Road Organization enpresa publikoaren langileak plastikozko kanpa dendetan bizi dira, eremu huts hartan sakabanaturik koloretako orbanak. Itzalik gabeko paradisuan atsedena hartzeko, kamioien azpian etzan egiten dira. Edo duela bost minutu jausitako harria kenduta, mendi magalaren itzalean, 3000 metrotik gora eguzkia gupidagabea da eta. Emakume beharginek zapi batez estaltzen dute bisaia ahalik eta hautsik gutxien arnasteko. Gerizarik ezean, aspaldi amaren sabelean ikasitako postura berdinean, errepidearen ertzean hartzen dute atsedena. 5000 metrotan aritzen dira Tanglan la mendateko goialdean glaziar batek garraiatutako elur izoztua kentzen. Neke-neke eginda nago, badira 25 kilometro igotzen hasi naizela. Emakumearen bisaiak dio bera ere nekatuta dagoela. Bizikleta gelditu dut eta emakumeon konplizitatearekin, gozoki bat luzatu diot. Behera begira keinu batez eskertu dit,  nik beste bat sartu dut ahoan. Diote soldata ez dela txarra, lana berriz bai, pentsatzen dut nik. Sisifo bezala, errepideak urtero beregiteko beharra.

 Seigarren oroitzapena: duintasunaren irudia.

Herrialde garatuago baten bisitariak izateagatik, kanpotar, turista, bidaiari edo abenturazaleen balio erantsia, bertoko jendearena baino dezente handiagoa da. Oraindik ez dakit zer dela eta nire bizitzak Nepal zein Tibeteko behargin batena baino balio handiago duen, baina hala da. Ezbeharrik gertatuz gero, lehentasuna dugu. Hala izan da aurten Nepalen, hala izan zen Tadjikistanen ere guda hasi zenean.


Estua da bidea, bazter batean plastikozko kanpa dendaz osatutako ilara urdin luze bat antzematen da. Bertatik neska gazte bat atera berri da. Sari arrosa eder bat  jantzita, bere mugimendu pausatuarekin eskumuturretako hotsa zabaltzen doa. Bollywood-eko pelikula baterako jantzita ematen du, baina errepideko behargina da. Duintasunaren irudia etorri zait burura.



Zazpigarren oroitzapena: Fitoren zortea.

Fitok dio zortea badatorrela eta badoala. GPSa galtzean, gure zortea, gu bezain nomada, joan da eta topatzean, berriz ere itzuli. Kamioia nire gurpilaren gainean pasa denean, berriro ere zorteak alde egin du Manalitik bueltatzeko, autobus batean, bidalitako gurpil berriarekin batera. 

Indian gauza askorekin gertatzen da berdin, badoaz eta badatoz. Adibidez argindarra, inork ez daki noiz etorriko den, are gehiago, inork ez daki etorriko den. Edo internet  “arratsaldez bueltatu, agian egongo da”. Asfalto ere badator eta badoa. Berdin kamio militarrak eta baita hodeiak ere, arineketan batzuetan, haizeak gogoz bultzatuta. Eta nola ez? Sisu txakur nomada maitatutako txirrindularien atzean.

Shimlatik Delhira busa hartu dugu. Nire esteak inoiz baino hustuago daude. Barruan zegoen urtebetetzeko pizza, eskutik zintzilik, paperezko poltsa batean datzan. Foucault-en penduluaren simulazio tristea dirudi. Zorabioa baino ez dela jakin arren, hiltzear nago.

Delhi hiri erraldoian Himalayan baino oxigeno gehiago egon arren ezin da arnastu. Indira Gandhi aireportuan berriz, Himalayan bezala,  haize egokitua dago.

Komunean sartu naiz. Berriro ere goragalea etorri zait eta hustutako  barruak hustu beharrean nago. Bertako emakume langile bat hurbildu zait eta masaje luzea eman dit bekokian. Munduaren alde onean bizitzea suertatu zait. Abuztuaren 23an  berriz ere nire urtebetetzea izan da. Oparia? Euskal Herrian jaio izana. Eskerrak jaio nintzenean zortea bazetorrela.



Euskal preso politikoen senideei dedikatuta. Laster gogoko bidaiak besterik ez dituzuelako egingo. 

Marta Abiega

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina