Javi eta Marta gara, Biziz Biziko kideak. 2015eko udako oporretan
Indiako iparraldetik bidaiatu genuen bizikletaz. Ahaztuko ez ditugun
zazpi aste horiek zazpi gogorapenetan laburbildu ditugu.
Norberaren bizitza ez da
gertatutakoa, oroitzen duguna eta nola oroitzen dugun baizik, dio García
Márquezek. Beraz, hemen kontatutakoa, ez da uda honetan Indiako iparraldean
zehar zazpi astez bizikletaz bidaiatzen bizi izandakoa, nire oroitzapenak
baizik.
Aitak etxetik mugitu gabe
bidaiatzeko asmoarekin aspaldi erositako The
Times Rialp Atlas of the World-en Leh non zegoen begiratu nuenean,
aurkibide luze hartan Legutioren azpian zegoela ikustean, hara joan behar
nintzeneko seinaletzat hartu nuen. Gero beste seinale batzuk etorriko ziren,
neuk asmatutakoak ala patuak bertan jarrita, batek daki nahia eta
errealitatearen arteko muga ikusezina non dagoen.
Hori erabaki eta
informazioa biltzen hasi nintzen. Urruneko herri arrotzetara joaten garen
abenturazaleok, arriskuen berri nahi dugu. Ederto jakin behar dugu abentura eta
zoritxarraren arteko muga non dagoen. Kaxmirren, Pakistango mugan, gauzak lasai
zeudela ematen zuen. Horrek ez zuen esan nahi biktimarik ez zegoenik,
biktimak konfliktoko partaide zuzenak zirela baizik.
Lehenengo
oroitzapena: erlijioen zentzugabekeria.
Srinagarrera heldu gara
eta handik bi egunera euria etengabe hasi da, montzoi erara. Ondorioz, sarritan
gertatzen den lez, errepidea moztuta geratu da. Hasi berria da Hinduek
Himalayara egiten duten Amarnath izeneko erromesaldi herrikoia eta milaka
erromes harri eta lokatzazko tapoi batean harrapatuta gelditu dira. Denak ez
ordea, erosteko ahalmen handiko erromesak, helikopteroz joan direnak ez, noski.
Horiek, errepide menditsu hartan jausitako harri erraldoi hura ikusi ere ez
dute egin.
Shiva jainkosa gurtzeko helikoptero bidaietan xahututako diruarekin,
mila ideia eta giza proiektu zoragarri etortzen zaizkit burura.
Bigarren
oroitzapena: gizakia naiz
Laugarren egunean,
montzoiari muzin eginez, zakutoak bizikletan jarri eta Srinagarretik
atera gara. Egun goibel eta iluna da. Kaxmirreko independentistek martiren
eguna ospatzen dute. Hiri zaharra abertzaleen bizilekua izanik, militarrek
hartuta dute eta tentsio handia sumatzen da giroan. Biluzturiko kaleetan dendak
itxita daude eta Indian hain ohikoa den klaxonetako soinuaren arrastorik ez.
Soldaduek, kamuflatzeko
arropak jantzita eta keinu serioa aurpegian, buelta emateko aginduko digutela
pentsatu dut. Pasaportea eskatu, nora gindoazen galdetu eta alanbre-hesiak
kendu dituzte gu pasatzen uzteko. Une batez, okerreko momentuan okerreko tokian
egotearen susmoa izan dut. Euri tanta setatsuei ere ez diet erreparatzen.
Aurrerako ihesa hau onerako ala txarrerako izango den jakin barik, handik atera
nahi dut lehenbailehen. Tadjikistanen duela urte bi bizi izandako gerra etorri
zait burura eta ez dut ulertzen zer egiten dudan berriro ere konfliktoan bizi
den herri batean. Ez dut ulertzen batez ere ausarta ez naizelako ezta buru
arina ere. Gizakia harri berean bitan estropezu egiten duen animalia bakarra
bada, ni gizakia naiz zalantzarik gabe.
Hirugarren
oroitzapena: oxigenorik gabeko puzgarriak
Zoji La mendatea igo ondoren
leher eginda gaude eta jaitsitakoan herrixka musulman batean galdetu egin dugu
denda jartzeko txokorik badagoen. Baietz esan digute, edonon jarri dezakegula
inolako arazorik gabe. Eskarmentuak ere gauza bera esaten digu, bisitatutako
herri musulmanetan horrela izaten delako. Herriko jendea hurbildu eta guri
begira geratzen da, disimulurik gabe. Doaneko ikuskizuna bihurtu gara.
Globoflexia egiteko puxikak ekarri ditugu. Halako batean Javik puzgarriak atera
ditu eta loreak egiten hasi da. Zoramena izan da. Txikiak eta nagusiak batera,
puxikak eskuetan, loreak nola egin ikasi nahian. Hurrengo egunean goiz
goizean umeak hurbildu egiten dira "An kol men" - urduz puxika bat,
mesedez - eskatzen.
Laugarren
oroitzapena: uste baino gogorragoa naiz.
Jet lag oraindik buru joka
dabilkidala, porlan publizitate batean "you are stronger than you
think" irakurri dut.
Pentsakor geratu naiz eta niretzat idatzita dagoela
iruditu zait. Esaldi horrekin sarritan gogoratu naiz bidaia honetan. Fotu la
igotzen ari naizela arnasestuka adibidez. Kamioi bat ezin mugitu geratu da
lokatzak harrapatuta. Gizonak bultza eta bultza ari dira eta Tata – horrela
dute izena Indiako kamio dotore eta koloretsuak - atzera ez egiteko gurpilen
atzean harritzarrak jarri dituzte. Hortzak estututa pedalei gogor eraginez,
ondotik pasa naiz geldituz gero lurrak ni ere harrapatuko nauela sinistuta.
"You are stronger than you think" berriro ere burura etorri zait.
Tanglang la gora, 5.100
metrotan azken bihurgunea eman dut eta haizeak gogor jo nau, aurrez aurre,
gupida gabe. Indar agortuak, begietan malkoak egindako esfortzuak hustu eta
ahul utzi nauelako. Hala ere hemen nago, "you are passing through second highest
pass of the world. Unbelievable, is not it?" - munduko bigarren
mendate altuenetik ari zara pasatzen. Sinestezina, ezta? - dio kartelak. Bai,
sinesgaitza da. Srinagarren hesi hartan irakurritakoa egia da: I’m stronger
than I think. Motorzaleek atzamar potoloa zerura begira agurtzen gaituzte
pasatzean. Ondotxo dakite gu, motorrik gabe goazenok, arnasestuka, benetako
heroiak garela.
34.000 metro desnibel
positiboa GPSak dio. Nekea, mina ipurdian, belaunetan… batzuetan gora heldu,
aldapa amaigabea amaitu besterik ez dut nahi.
Durbante laranja baten
azpian sekulan ez moztutako ilea ezkutaturik, sij batek, Tata distiratsua
gidatzen ari dela, eskua ezpainetara eraman eta barrez musu inozentea bidali
dit.
Lehra heltzean, begiak
goratu ditut urruneko zortzi milak ikusi nahian, Parisa heldu nintzen egun
hartan, Eiffel Dorrea ikusteko egin nuen bezalaxe, hain garaia izanik, toki
guztietatik ikusi behar zela sinistuta.
Bosgarren
oroitzapena: Sisu txakur nomada eta errepideko beharginak
Burbuilazko plastiko batean
ibiliko banintz bezala, saltoka noa harri borobilen gainetik. Atzetik Sisu
dator. Sisu ez da bere benetako izena, gurekin elkartu zeneko herriarena baino.
Agian horrexegatik ez du kasurik egiten entzutean. Beltza da, baina eskumako
hanka zuria du. Esango nuke Sisuri bizitzan gehien gustatzen zaiona
txirrindularien atzetik joatea dela. Inoiz ez da gu baino arinago joaten eta
aldats behera atzean geratzen bada ere, aldats gora harrapatuko gaituela jakin
badaki. Guztira 90 km egin ditugu elkarrekin begirada konplizeak trukatzen,
aspaldiko lagunak izango bagina bezala. Gehiagotan egin duela dirudi
baina, hala ere, zinez hunkigarria egiten zait.
Lagunei esaten diet
Indiako iparraldea ez dela India. Edo behintzat ez dela nik espero nuen India
txiroa eta zikina, agian salbuespen bakar batekin: errepideetan aritzen diren
beharginak. Indian plastikozko poltsarik ez badago ere, Border Road
Organization enpresa publikoaren langileak plastikozko kanpa dendetan bizi
dira, eremu huts hartan sakabanaturik koloretako orbanak. Itzalik gabeko
paradisuan atsedena hartzeko, kamioien azpian etzan egiten dira. Edo duela bost
minutu jausitako harria kenduta, mendi magalaren itzalean, 3000 metrotik gora
eguzkia gupidagabea da eta. Emakume beharginek zapi batez estaltzen dute bisaia
ahalik eta hautsik gutxien arnasteko. Gerizarik ezean, aspaldi amaren sabelean
ikasitako postura berdinean, errepidearen ertzean hartzen dute atsedena. 5000
metrotan aritzen dira Tanglan la mendateko goialdean glaziar batek
garraiatutako elur izoztua kentzen. Neke-neke eginda nago, badira 25 kilometro
igotzen hasi naizela. Emakumearen bisaiak dio bera ere nekatuta dagoela.
Bizikleta gelditu dut eta emakumeon konplizitatearekin, gozoki bat luzatu diot.
Behera begira keinu batez eskertu dit, nik beste bat sartu dut ahoan.
Diote soldata ez dela txarra, lana berriz bai, pentsatzen dut nik. Sisifo
bezala, errepideak urtero beregiteko beharra.
Seigarren
oroitzapena: duintasunaren irudia.
Herrialde garatuago baten
bisitariak izateagatik, kanpotar, turista, bidaiari edo abenturazaleen balio
erantsia, bertoko jendearena baino dezente handiagoa da. Oraindik ez dakit zer
dela eta nire bizitzak Nepal zein Tibeteko behargin batena baino balio handiago
duen, baina hala da. Ezbeharrik gertatuz gero, lehentasuna dugu. Hala izan da
aurten Nepalen, hala izan zen Tadjikistanen ere guda hasi zenean.
Estua da bidea, bazter batean plastikozko kanpa dendaz osatutako ilara urdin luze bat antzematen da. Bertatik neska gazte bat atera berri da. Sari arrosa eder bat jantzita, bere mugimendu pausatuarekin eskumuturretako hotsa zabaltzen doa. Bollywood-eko pelikula baterako jantzita ematen du, baina errepideko behargina da. Duintasunaren irudia etorri zait burura.
Zazpigarren
oroitzapena: Fitoren zortea.
Fitok dio zortea badatorrela
eta badoala. GPSa galtzean, gure zortea, gu bezain nomada, joan da eta
topatzean, berriz ere itzuli. Kamioia nire gurpilaren gainean pasa denean,
berriro ere zorteak alde egin du Manalitik bueltatzeko, autobus batean,
bidalitako gurpil berriarekin batera.
Indian gauza askorekin gertatzen da
berdin, badoaz eta badatoz. Adibidez argindarra, inork ez daki noiz etorriko
den, are gehiago, inork ez daki etorriko den. Edo internet “arratsaldez
bueltatu, agian egongo da”. Asfalto ere badator eta badoa. Berdin kamio
militarrak eta baita hodeiak ere, arineketan batzuetan, haizeak gogoz
bultzatuta. Eta nola ez? Sisu txakur nomada maitatutako txirrindularien atzean.
Shimlatik Delhira busa
hartu dugu. Nire esteak inoiz baino hustuago daude. Barruan zegoen urtebetetzeko
pizza, eskutik zintzilik, paperezko poltsa batean datzan. Foucault-en
penduluaren simulazio tristea dirudi. Zorabioa baino ez dela jakin arren,
hiltzear nago.
Delhi hiri erraldoian
Himalayan baino oxigeno gehiago egon arren ezin da arnastu. Indira Gandhi
aireportuan berriz, Himalayan bezala, haize egokitua dago.
Komunean sartu naiz.
Berriro ere goragalea etorri zait eta hustutako barruak hustu beharrean
nago. Bertako emakume langile bat hurbildu zait eta masaje luzea eman dit
bekokian. Munduaren alde onean bizitzea suertatu zait. Abuztuaren 23an
berriz ere nire urtebetetzea izan da. Oparia? Euskal Herrian jaio izana.
Eskerrak jaio nintzenean zortea bazetorrela.
Euskal preso politikoen senideei dedikatuta. Laster
gogoko bidaiak besterik ez dituzuelako egingo.
Marta Abiega
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina