Parisko klima-aldaketari buruzko akordioaren berreste-prozesua
hasiko da apirilak 22an, Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzan.
Akordioa gutxienez 55 estatuk berresten dutenean sartuko da indarrean,
negutegi-efektuko gasen % 55en erantzule diren estatuek berretsitakoan, hain
zuzen ere. Akordioa sinatzeko garaian, herrialdeek NBEri jakinarazi beharko
diote zeintzuk izango diren, batetik, akordio hori berresteko erabiliko diren
tresnak eta, bestetik, hartuko diren konpromiso ofizialak.
EBren kritika
Parisko akordioaren eta Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldearen
(IPCC) irakurketarik anbiziotsuenaren alde egin beharra du EBk. Zera esan nahi
du horrek, praktikan: 2050 baino lehen ekonomia erabat deskarbonizatzea,
sistema energetiko berriztagarri, efiziente eta azkarraren bitartez, eta,
horretarako, ibilbide horretan koherenteak izango diren helburuak ezartzea,
kontuak hartuta helburu horiek gorago ezarri ahal izango direla. Hori dela-eta,
2030erako isurpenen % 40 murriztea ez da, inondik ere, klima-aldaketaren
premiak behar duen erantzuna. Helburu anbiziotsuagoak behar dira, epe
laburragoan.
Prozesu horrekin batera, bidezko trantsizio-esparru bat ezarri behar da, eta
esparru horretan ikatza erretzea, zentral termiko eta nuklearrak ixtea
mahairatu beharko da, eta energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoa
eta autosufizientzia sustatu, iturri fosiletan oinarritutako eredu energetiko
zaharkitua bazter utzita. Areago, hainbat gai agertu ere ez dira egin,
adibidez, justizia klimatikoa, errefuxiatu klimatikoak edo mugarik gabeko
hazkundean oinarritutako ereduaren kritika. Europar Batasunaren konponbideak,
oraingoan ere, finantzen eta merkatuaren arloko neurrietan oinarritzen dira,
karbonoaren merkatuaren gisakoetan, alegia. Haatik, landu gabe geratu da
gizarte- eta justizian oinarritutako eredura aldatzeko premia larria, gaur
egungo ereduarekin jarraituz gero, hori izango baita aurrez aurre izango dugun
kolapso klimatikotik irteteko bide bakarra.
Euskal erakundeen kritika
Eusko Jaurlaritza borondate-falta nabarmena erakusten ari da klima-aldaketari
aurre egiteko. Hain zuzen ere, jarrera guztiz kontraesankorra darabil
fracking-ari dagokionez, energia berriztagarrien ezarpenerako ezarri dituen
xedeak oso pobreak dira, eta apustu handia egiten ari da gas naturalaren alde.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2015eko abenduan aurkeztutako 2025erako Energia
Estrategian, aztertu behar diren gas-erreserbak erauzteko alternatiba gisa
ageri da fracking-a, Eusko Legebiltzarrak 2015ean debekatu zuen arren. Gainera,
Estrategiak 2025ean energia-iturri berriztagarriak energia-iturri guztien % 16
izatea proposatzen du, baina Europar Batasunak % 20ko kuota ezarri du 2020rako.
Haatik, apustu handia egiten du gas naturalaren alde, 2025eko mix
energetikoaren % 39 izango baita. Azken bi hamarkadetan Eusko Jaurlaritzak gas
naturala hedatzeko egin duen inbertsio handia gaineratu beharra dago.
Joan den azaroan aurkeztu genituen
neurriak berresten ditugu:
·
Euskal Herriko
marko araugile eta instituzionalean naturak bere forma guztietan dituen
eskubideak txertatu. Eskubide hauek betearazteko beharrezkoak diren politika
publikoak egin eta horiek aurrera eramateko baliabide ekonomikoak bideratu;
lurzorua, baliabide naturalak eta bizitzeko moduen kudeaketa, beti ere guztien
onerako.
·
Parte hartze
sozialerako tresnen sorrera eta sortzen diren parte hartzerako iniziatibak ez
zapaltzea.
·
Administrazioek
eta sektore pribatuak, berotegi efektuko gasen murrizketan konpromiso lotesleak
hartzea, planetaren berotzea 1,5 Ctik beherakoa izan dadin.
·
Energia
fosiletan eta nuklearrean eginiko inbertsioak murriztu: Euskal Herriko
lurraldeak energia nuklearraren produkziotik libre deklaratu, Garoñako Zentral
Nuklearra lehenbailehen itxi, hidrokarburoen bila Kantauri itsasoan eginiko
prospekzioak eta petroleoa ateratzeko frackinga bezalako teknika
zentzugabeak alboratu baita eskistozko hare eta bituminosoen erabilera ere.
·
Plan estrategiko
zehatza energia berriztagarri eta ordezkagarriak sortzeko, petrolioaren osteko
gizarterako trantsizioan urratsak emateko, ahalik eta lasterren.
·
Energia
burujabetza sustatu hurrengo neurriak hartuz: baliabideen demokratizazioa,
tokian tokiko elektrizitatearen banaketa-sarearen bermunizipalizazioa, energia
efizientzia handituz energia aurreztea...
·
Bidaiarien
garraioaren kudeaketa publikoa; mugikortasunaren murrizketan,
intermodalitatean, irisgarritasunean eta energia kontsumo gutxienekoan
oinarritua. AHTari ez, erabilera sozialerako euskal trenbide sareari bai.
Hirietako mugikortasun jasangarria eta aktiboa bultzatu.
·
Kontsumo
arduratsua eta tokian tokikoa sustatzeko kultura sozial eta instituzionala
sortzea elikadura burujabetza politika eraginkorrak aurrera eramanez, horrela,
gure osasuna eta ekoizpen eta kontsumoaren arteko harreman orekatua bermatuz.
Bestetik hondakinak gutxitu, berziklatu eta berrerabiltzeko programa
eragingarriak jartzea, behin betiko erraustegiak bezalako sistema
sostengaezinak alboratuz.
·
Lurraldearen
antolaketa, zerbitzuetarako sarbidea bermatu ahal izateko eta produkzio eta
kontsumoaren arteko harreman zuzena bultzatu ahal izateko. Lurraldea,
aberastasuna lortzeko baliabideen iturri huts bat baino gehiago da: bizitzaren
eta honen aniztasunaren oinarria da. Baliabide urria da, baina mugatua eta
ahula. Lurraldearen antolaketarako ezin diegu soilik baldintza ekonomikoei so
egin, ingurumenari eta baldintza sozialei ere erreparatu behar zaie, bertako
balore kulturalak, ekologikoak eta antropologikoak babestu behar dira, datozen
belaunaldientzako ondarea baitira.
·
Ekonomiaren
trantsizio ekologiko, sozial eta justurantz pausuak eman, aldi berean
kalitatezko enplegua sortuz.
Maiatzako ekintzak:
Beharrezkoa da Euskal Herrian klima-aldaketaren aurkako mugimendu bat sortzea,
urtero antolatzen diren mundu mailako goi-bilerak alde batera utzita
mobilizatuko den herritarren mugimendu bat. 2015eko urrian aurrerapauso handia
eman genuen Bilbon, Alternatiben Herria ekimenarekin. Bertan, milaka pertsona
eta ehunka gizarte eragile eta taldek hartu zuten parte. Gizartearen eraldaketa
lortu eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko beharrezkoak diren
alternatiben erakusleihoa izan zen hura.
Ezer gutxi espero dugu duela 21 urte hasi eta urtez urte ospatzen diren mundu
mailako ingurumen goi-bilerez. Ez gara egongo datorren abendura arte zain.
Maiatzean zehar gauzatuko den 350.org nazioarteko kanpainan parte hartzera
goaz. Bertan, mundu mailako ekintzaileek ekintza zuzenak garatuko dituzte
erregai fosiletako proiekturik arriskutsuenen aurka: ikatza, petrolioa eta gasa
lur azpian utzi eta % 100 berriztagarriak diren energietan oinarrituriko mundu
bidezkoago bat lortzeko trantsizioa sustatuz..
2016an, aurrekaririk ez duen krisialdi batean murgildurik dago erregai fosilen
industria -prezioen beherakada nabarmena, klimaren mundu mailako akordio berri
bat eta energia-ereduaren aldaketa eskatzen duen mugimenduaren goraldia-.
Historia osoan lehen aldiz, aukera paregabea dugu energia berriztagarri eta garbietara
pasatzeko trantsizioa osatzeko. Aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeak
kutsatzaileen aurka joan behar izatea suposatzen du, boteretsuen sentitzen
diren tokietan.
Zentzu horretan, Euskal Herrian hainbat
ekintza antolatzen ari gara. Horien artean, Txirrinka nabarmendu nahiko genuke, maiatzaren 20tik 22ra bitartean Abiadura Handiko Trenaren
proiektuaren aurka garatuko den bizikleta ibilaldia, guk sortzen dugun aztarna
ekologikoa eta CO2 isurien murrizketaren aldeko borrokekin bat eginez.
Bestetik, hiri txirrindularien Biziz-Bizi taldeak Bizikleta Eguna antolatu du maiatzaren
8an. Helburua: kotxea protagonista ez duen bestelako hiri-eredua
aldarrikatzea, mugikortasun jasangarri eta aktiboari lehentasuna emanez eta CO2
isuriak murriztuz. Era beran, erregai
fosilen industriaren aurrean zenbait protesta ekintza egongo dira ere,
talde ekologisten aldetik.
Aipatu
ere, Fracking Ez taldeak, Estatu Espainiarrak EAEko frackingaren inguruko
legeari egindako helegiteari erantzuteko mobilizazioak
egingo dituela.
Gainera, datozen egunotan hainbat jarduera gauzatuko dira, Amalurraren Nazioarteko Eguna dela-eta.
Bihar, apirilak 22, Ekologistak
Martxanek Hiri-Baratzeei buruzko Jardunaldia antolatu du Ekoetxean,
19:00etan. Bertan, hiriguneetatik oso gertu lanean ari diren bi proiektu
agroekologikoren berri emango digute: Huertaka, Barakaldon, eta Auzoko Baratza
Desazkundea Bilboko Uribarri auzoan.
Apirilaren 23an, Greenpeacek hitzaldia antolatu du, Txernobylgo istripu nuklearraren 30.
urteurrena dela-eta. Horretarako, Svitlana Shmagailo ekintzaile ukrainarra
eta Greenpeaceko energia nuklearraren kanpainaren arduradun Raquel Montón
izango ditugu gure artean. Shmagailok istripuaren ondorio sozialak eta
poluzio-eremuaren barruko bizitza azalduko dizkigu; Montónek, aldiz, Japoniako
eskualde kutsatuetako eremuetan ikusi duen egoeraren berri emango digu.
Azkenik, apirilaren 26an, 13:00etan,
Garoñaren Kontrako Foroak ekintza
bat gauzatuko du Osakidetzak Bilbon
duen egoitzan, istripu nuklearra gertatuz gero, administrazioak biztanleak
babesteko dituen baliabide eskasak salatzeko.
SINATZAILEAK
AHT Gelditu Elkarlana -
Argilan - Asociación Paz con Dignidad-Omal - Biziz Bizi - Coordinadora AntiCoke
- CCOO - Desazkunde - Fracking ez – Goiener Elkartea - Greenpeace - Kima Berdea
Elkarte Ekologista - ELA - ESK - Ekologistak Martxan - Herriarte - LAB - 15M
Bizkaia - Plataforma de defensa medioambiental Mutrikuko Natur Taldea - Steilas
– Sumendi – TxiapasEkin Plataforma Vasca de Solidaridad con Chiapas
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina