2015(e)ko abenduaren 21(a), astelehena

Martxa COP21: Donostiatik Baionara

Behin irakurri nuen "datozen belaunaldiek esan dezatela ez genuela lortu baina ez dezatela inoiz esan saiatu ez ginenik". Bilbotik Donostiara abiatu ginen muga gurutzatuko zuen masa kritikoa osatzeko. 

Goliaten aurrean Davidek bezala, bagenekien Pariseko atentatuaren ostean hiritar arruntek beharrezko eta justifikatutzat joko zituzten eskubide zibilen murrizketak guk pairatuko genituela . "Frantzian musulman asko daude" dio martxako emakume batek. Akaso “hemen polizia oso jatorra da, ez dauka zerikusirik Frantziakoarekin” dioen berbera.

Errenteria pasa berri dugu. Trafiko gutxi dago igandeko goiz honetan. Ertzaintzaren auto batek gasolindegi batean sartzeko zeinuak egin dizkigu. Bertatik polizia gazte eta irribera atera da. Frantziako poliziek ez digutela pasatzen utziko diosku. Berak ez du ezer gure kontra, lagundu nahian esan digu, lo egiteko tokirik gabe gera ez gaitezen, zeren eta pasatzeko aukerarik izan ezean zer egingo genuen galdetu du garrantzirik eman gabe eta, martxako gizonezko nekatu batek, zalantza izpirik gabe eta ozenki, “kanpatu” esan du. Kalapie-ko neska batek EITBra deitu du eta poliziak zer esan digun kontatu. Albiste bihurtu gara, hedabideen estaldura bermatuta dago. Martxaren antolatzaile batek bizikletan eramandako kontsignak kentzeko agindua eman du ea Frantziako polizien gustuko ez diren eta iraultzailetzat hartzen gaituzten.

Polizia autoak "lagunduta" nazioarteko mugara heldu gara. Antzinako oroitzapenak datozkigu burura, europarrak izaten uzten ez zigun iragan frankista garaiko oroimenak. Banan-banan Espainia izeneko ondoko herrialdearen NANa erakusten goaz, gure arimak aske izan arren gure gorputzak preso dituena. "Si vous place”, eta gogorik ez baduzu berdin, nire barnerako pentsatu dut. Ongi hezitako neska-mutilek bezala, gure izen-abizenak walkie-tik esan eta irribarre frantziar batez pasatzen utzi digute.

EITBko kamerak dio "gaur, espero ez nuen gauza bi gertatu dira, bata grabatzen utzi didatela, eta bestea pasatzen utzi dizuetela".

Gaur gu ez gara etsaia. Badakite haiek Goliat eta gu David baino ez garela , 50 pertsona bizikletan, tximeleten erritmoan sistema aldaketa eskatzen. Aspalditik ez zaigu gustatzen. Agian ez zaigu inoiz gustatu edo behintzat, zentzuak konsumitu ezina den sistema honen kontsumo-objektu sentiarazi gintuenetik. Ez gara asko, ez gara boteretsuak baina arrazoia geurea da eta gertuko egun batean eurek ere jakingo dute.

Marta Abiega

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina