2015(e)ko azaroaren 12(a), osteguna

Bizikletan ibiltzea trabaz beteta dagoenean

Zailtasunak, trabak eta kontzientziazio falta. Hiru horiek behin eta berriro aipatzen ditu Pedro Luis Vallejok Bilboren eta bizikletaren arteko harremanari buruz hitz egiteko garaian. Biziz Bizi elkartekoa da —bizikletaren erabilera sustatzen du elkarte horrek—, eta Isabel Ormaetxea kidearekin hizketan ari da udaletxearen parean, txango bat egitera joan aurretik. 


Ormaetxeak berak ika-mika bat izan berri du zitara iritsi aurretik, eta hori azaltzen ari zaio: «Errepidetik nindoan, eta, semaforoa gorri zegoela, espaloi barrura sartu naiz, udaletxera etortzeko. Kotxeko gidari bat oihuka hasi zait, eta sekulako bekokia neukala aurpegiratu dit. Jendeak oraindik ez daki bizikletarekin hori egin daitekeenik ere, ezta errepidetik ibiltzeko eskubidea daukagunik ere». Kontzientziazio faltaren adibide izan daiteke gertakaria, Vallejoren ustez. Baina ez da hori hiriak duen gaitz handiena, Bilbo bizikletan ibiltzeko txarto dagoela adierazi baitute biek ondoren.


Hori horrela dela frogatzeko, nahikoa da Bilboko bidegorri sarearen mapari begiratu bat ematea. Ibaiaren bi ertzetatik bide bana dago, eta Deustuko zubian elkartzen dira biak. Baina zirkulua itxi gabe dago. Udaletxeraino eta Uribitarte pasealekuaren amaieraraino iristen da bidegorria, baina ez dute bat egiten. «Tira, teorian zirkulua itxita dago», dio Vallejok. Kotxerik gabeko nazioarteko egunaren bezperan lotu zituzten ibaiaren bi aldeak. «Inori ezer esan gabe, gauez errepidean bizikletek lehentasuna duten marka batzuk margotu zituzten. Baina, gaur egun, seinale horiek ez dira ia ikusten». Zirkulua teorian itxita dagoen arren, turismo bulegoetan banatzen diren planoetan ez da horrela azaltzen. Horregatik, modu traketsean egindako lanak direla salatu dute Biziz Bizi elkarteko kideek, udalak ez duelako behar bezala jakinarazi aldaketa hori egin dela.

Ibaiaren alde bietatik doan bidegorriaz aparte, Bilbon apenas dagoen bizikletentzako propio egindako beste biderik. Indautxun, Bilbo Zaharrean, Zorrotzan eta Deustuan badira, baina, horiez gain, ezer gutxi. «Elkarrekin lotu gabe daude, gainera», azaldu du Ormaetxeak. Eta ez hori bakarrik: egin duen kritikaren arabera, Bilboko Udalak ez du hitzartutakoa betetzen. 2007. urtean, bizikleta bideei buruzko plan berezi bat onartu zuen udalbatzak, eta 78 kilometroko bidegorri sare bat osatzea adostu zuten. «Orduz geroztik, ez da ia neurririk hartu. Are gehiago, kaleak berritu dituzten kasuetan ere ez dute bidegorri berririk egin». Bilbok 28 kilometro ditu bidegorritan, baina zenbaki horren barruan joan-etorriko noranzkoak hartzen dira kontuan. Alegia, denetara hamalau kilometroko sarea du. Duela zortzi urte jarritako helburutik urrun dago, beraz.

Bestalde, 2013an orduko 30 kilometroko kaleak ezartzea onartu zuen udalbatzak. «Azken bi urte hauetan ez dute ildo horretan inolako neurririk hartu», dio Vallejok. Bizikletaren erabilera sustatzeko ardura politikorik ez du hartu Bilboko Udalak, salatu dutenez, eta beste adibide bat jarri du hori horrela dela erakusteko. Hauteskunde kanpainan udal gobernurako aurkeztu ziren hautagai denei bizikletaren erabilera sustatzeko hainbat neurri biltzen zituen dokumentu bat helarazi zien. «Hautagai denek sinatu zuten, agintean dagoen alderdiak izan ezik. Eta ez ziren gurekin bildu ere egin; akaso, badakitelako hiriko egoera ez dela batere ona». Horregatik, etorkizunean egoera hobetuko den itxaropen gutxi dauka Vallejok. Hala ere, esan du agiria izenpetu zuten alderdiei hartutako konpromisoak gogoraraziko dizkiela uda pasatu ondoren. «Batez ere, PSE-EEri, Mugikortasun eta Ingurumen Sailaren ardura duelako. Ikusteko dago ezer lortuko dugun».

Pedal kolpe oztopatuak

Vallejok eta Ormaetxeak irudikatu duten egoera bertatik bertara ikus daiteke bizikleta hartu eta Bilbon paseo bat emanez gero. Ugariak baitira bidegorri etenak, bide oztopatuak eta trafiko artean egin beharreko zatiak. Carioca Baztigalupe elkarteko kidea iritsi da udaletxe parera, eta bizikleta gainera igo dira hirurak Bilbok bizikletarekin daukan harremana BERRIA egunkariari erakusteko.

Lehen pedal kolpeak ematearekin batera, zailtasun eta trabekin egin dute topo. Errepidera salto egin, eta udaletxe aurrean dagoen biribilgunean sartzeko seinalerik ez dago, eta ez dago garbi nork duen lehentasuna. Udaletxeko zubia zeharkatu ondoren, berriz, Uribitarte pasealekura sartu dira, eta aldapan behera doazela agertu da bidegorria. Kontainer baten ondoren. Bidegorria bat-batean hasi eta amaitzen da, eta apenas dagoen seinalerik Erripako kaira joateko bidean. Maniobra trakets bat eginda, Erripako kaia gurutzatu, eta Arriaga zubira igotzeko errepidea hartu behar da berriz. Kontrako noranzkoan, gainera. «Zirkulua itxi zutenean, ez zekiten nola egin, eta halako aldrebeskeriak egin zituzten», azaldu du Vallejok.

Arriaga zubia gurutzatzeko semaforo bat behar dela diote Biziz Bizi elkarteko kideek. Baina, hori alde batera utzita, errepidetik egiten da Areatza gurutzatzeko bidea. Hortik berriz ere udaletxe pareko biribilgunera iristen da, eta lehenago izandako arazo berberak errepikatzen dira bertan. Lehentasunak ez daude garbi, eta automobilek inprobisatu egiten dute bizikletei igarotzen uzteko. Campo Volantin pasealekua hartuta, bidegorria hasten da. Baina, hara iristeko, kontrako noranzkoan dagoen bide bat gurutzatu beharra dago berriz ere. «Hori ezin da horrela izan, bizikletan doan pertsonarentzat arrisku bat delako».

Deustuko zubiraino, arazo gabe eta modu atseginean egiten da bidea. Baina berriz ere kritikari heldu diote elkarteko kideek. «Paseorako pentsatuta dago bidegorri sare hau, eta ez eguneroko bizia egiteko». Bide guztian zehar apenas gurutzatu duten dendarik edo bestelakorik. «Errekaduren bat egiteko bizikleta hartu nahi izanez gero, errepidera egin behar duzu salto, eta hor ere baldintzak ez dira egokiak». Ideia hori berresten du bidegorriak hartzen duen noranzkoak. Kasilda Iturrizar parke ondora iristen baita. Handik Indautxun dagoen bidegorriarekin lotura eginda dago planoetan, baina bertan ez da halakorik ikusten. Ez baitago seinalerik. Ibilbidea Albia lorategietan amaitu da. «Ikusitakoa ikusita, balorazioa oso txarra da», dio Vallejok. Eta, esan berri duena indartzeko, OCU erabiltzaileen elkarteak emandako datu bat gogorarazi du: hegoaldeko hiri guztien artean, Bilbo azkena da bizikletan ibiltzeko.

Hori konpontzeko konpromisoak hartzea ezinbestekoa da Biziz Bizi elkarteko kideen arabera. Javier Crespo Urban Bike dendako arduradunak ere gauza bera dio, hiria ez dela batere atsegina bizikleta erabiltzen dutenentzat. Are gehiago, nahasgarria izan daitekeela uste du. «Kale Nagusian, autobusentzako bidea marra gorriz margotuta dago, eta Zorrotzan, bidegorria berdez margotuta. Bizikletentzako bidea gorria dela adostu baldin badugu, horrekin jarraitu behar da, eta ez erabiltzaileak nahasten». Oztopo eta zailtasunak, bidegorri falta eta kontzientziazio beharra nahikoa ez, eta hori ere badelako Bilbok konpondu beharrekoa: bidegorrien kolorea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina