2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Lurraren Eguneko Manifestua

Parisko klima-aldaketari buruzko akordioaren berreste-prozesua hasiko da apirilak 22an, Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzan. Akordioa gutxienez 55 estatuk berresten dutenean sartuko da indarrean, negutegi-efektuko gasen % 55en erantzule diren estatuek berretsitakoan, hain zuzen ere. Akordioa sinatzeko garaian, herrialdeek NBEri jakinarazi beharko diote zeintzuk izango diren, batetik, akordio hori berresteko erabiliko diren tresnak eta, bestetik, hartuko diren konpromiso ofizialak. 

EBren kritika

Parisko akordioaren eta Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldearen (IPCC) irakurketarik anbiziotsuenaren alde egin beharra du EBk. Zera esan nahi du horrek, praktikan: 2050 baino lehen ekonomia erabat deskarbonizatzea, sistema energetiko berriztagarri, efiziente eta azkarraren bitartez, eta, horretarako, ibilbide horretan koherenteak izango diren helburuak ezartzea, kontuak hartuta helburu horiek gorago ezarri ahal izango direla. Hori dela-eta, 2030erako isurpenen % 40 murriztea ez da, inondik ere, klima-aldaketaren premiak behar duen erantzuna. Helburu anbiziotsuagoak behar dira, epe laburragoan.  

Prozesu horrekin batera, bidezko trantsizio-esparru bat ezarri behar da, eta esparru horretan ikatza erretzea, zentral termiko eta nuklearrak ixtea mahairatu beharko da, eta energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoa eta autosufizientzia sustatu, iturri fosiletan oinarritutako eredu energetiko zaharkitua bazter utzita. Areago, hainbat gai agertu ere ez dira egin, adibidez, justizia klimatikoa, errefuxiatu klimatikoak edo mugarik gabeko hazkundean oinarritutako ereduaren kritika. Europar Batasunaren konponbideak, oraingoan ere, finantzen eta merkatuaren arloko neurrietan oinarritzen dira, karbonoaren merkatuaren gisakoetan, alegia. Haatik, landu gabe geratu da gizarte- eta justizian oinarritutako eredura aldatzeko premia larria, gaur egungo ereduarekin jarraituz gero, hori izango baita aurrez aurre izango dugun kolapso klimatikotik irteteko bide bakarra. 

Euskal erakundeen kritika

Eusko Jaurlaritza borondate-falta nabarmena erakusten ari da klima-aldaketari aurre egiteko. Hain zuzen ere, jarrera guztiz kontraesankorra darabil fracking-ari dagokionez, energia berriztagarrien ezarpenerako ezarri dituen xedeak oso pobreak dira, eta apustu handia egiten ari da gas naturalaren alde. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2015eko abenduan aurkeztutako 2025erako Energia Estrategian, aztertu behar diren gas-erreserbak erauzteko alternatiba gisa ageri da fracking-a, Eusko Legebiltzarrak 2015ean debekatu zuen arren. Gainera, Estrategiak 2025ean energia-iturri berriztagarriak energia-iturri guztien % 16 izatea proposatzen du, baina Europar Batasunak % 20ko kuota ezarri du 2020rako. Haatik, apustu handia egiten du gas naturalaren alde, 2025eko mix energetikoaren % 39 izango baita. Azken bi hamarkadetan Eusko Jaurlaritzak gas naturala hedatzeko egin duen inbertsio handia gaineratu beharra dago. 


Joan den azaroan aurkeztu genituen neurriak berresten ditugu:


·                 Euskal Herriko marko araugile eta instituzionalean naturak bere forma guztietan dituen eskubideak txertatu. Eskubide hauek betearazteko beharrezkoak diren politika publikoak egin eta horiek aurrera eramateko baliabide ekonomikoak bideratu; lurzorua, baliabide naturalak eta bizitzeko moduen kudeaketa, beti ere guztien onerako.

·                 Parte hartze sozialerako tresnen sorrera eta sortzen diren parte hartzerako iniziatibak ez zapaltzea. 

·                 Administrazioek eta sektore pribatuak, berotegi efektuko gasen murrizketan konpromiso lotesleak hartzea, planetaren berotzea 1,5 Ctik beherakoa izan dadin. 

·                  Energia fosiletan eta nuklearrean eginiko inbertsioak murriztu: Euskal Herriko lurraldeak energia nuklearraren produkziotik libre deklaratu, Garoñako Zentral Nuklearra lehenbailehen itxi, hidrokarburoen bila Kantauri itsasoan eginiko prospekzioak eta petroleoa ateratzeko frackinga bezalako teknika zentzugabeak alboratu baita eskistozko hare eta bituminosoen erabilera ere.

·                 Plan estrategiko zehatza energia berriztagarri eta ordezkagarriak sortzeko, petrolioaren osteko gizarterako trantsizioan urratsak emateko, ahalik eta lasterren. 

·                 Energia burujabetza sustatu hurrengo neurriak hartuz: baliabideen demokratizazioa, tokian tokiko elektrizitatearen banaketa-sarearen bermunizipalizazioa, energia efizientzia handituz energia aurreztea...

·                 Bidaiarien garraioaren kudeaketa publikoa; mugikortasunaren murrizketan, intermodalitatean, irisgarritasunean eta energia kontsumo gutxienekoan oinarritua. AHTari ez, erabilera sozialerako euskal trenbide sareari bai. Hirietako mugikortasun jasangarria eta aktiboa bultzatu. 

·                 Kontsumo arduratsua eta tokian tokikoa sustatzeko kultura sozial eta instituzionala sortzea elikadura burujabetza politika eraginkorrak aurrera eramanez, horrela, gure osasuna eta ekoizpen eta kontsumoaren arteko harreman orekatua bermatuz. Bestetik hondakinak gutxitu, berziklatu eta berrerabiltzeko programa eragingarriak jartzea, behin betiko erraustegiak bezalako sistema sostengaezinak alboratuz. 

·                 Lurraldearen antolaketa, zerbitzuetarako sarbidea bermatu ahal izateko eta produkzio eta kontsumoaren arteko harreman zuzena bultzatu ahal izateko. Lurraldea, aberastasuna lortzeko baliabideen iturri huts bat baino gehiago da: bizitzaren eta honen aniztasunaren oinarria da. Baliabide urria da, baina mugatua eta ahula. Lurraldearen antolaketarako ezin diegu soilik baldintza ekonomikoei so egin, ingurumenari eta baldintza sozialei ere erreparatu behar zaie, bertako balore kulturalak, ekologikoak eta antropologikoak babestu behar dira, datozen belaunaldientzako ondarea baitira.  

·                 Ekonomiaren trantsizio ekologiko, sozial eta justurantz pausuak eman, aldi berean kalitatezko enplegua sortuz. 

Maiatzako ekintzak:

Beharrezkoa da Euskal Herrian klima-aldaketaren aurkako mugimendu bat sortzea, urtero antolatzen diren mundu mailako goi-bilerak alde batera utzita mobilizatuko den herritarren mugimendu bat. 2015eko urrian aurrerapauso handia eman genuen Bilbon, Alternatiben Herria ekimenarekin. Bertan, milaka pertsona eta ehunka gizarte eragile eta taldek hartu zuten parte. Gizartearen eraldaketa lortu eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko beharrezkoak diren alternatiben erakusleihoa izan zen hura.  

Ezer gutxi espero dugu duela 21 urte hasi eta urtez urte ospatzen diren mundu mailako ingurumen goi-bilerez. Ez gara egongo datorren abendura arte zain. Maiatzean zehar gauzatuko den 350.org nazioarteko kanpainan parte hartzera goaz. Bertan, mundu mailako ekintzaileek ekintza zuzenak garatuko dituzte erregai fosiletako proiekturik arriskutsuenen aurka: ikatza, petrolioa eta gasa lur azpian utzi eta % 100 berriztagarriak diren energietan oinarrituriko mundu bidezkoago bat lortzeko trantsizioa sustatuz..

2016an, aurrekaririk ez duen krisialdi batean murgildurik dago erregai fosilen industria -prezioen beherakada nabarmena, klimaren mundu mailako akordio berri bat eta energia-ereduaren aldaketa eskatzen duen mugimenduaren goraldia-. Historia osoan lehen aldiz, aukera paregabea dugu energia berriztagarri eta garbietara pasatzeko trantsizioa osatzeko. Aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeak kutsatzaileen aurka joan behar izatea suposatzen du, boteretsuen sentitzen diren tokietan.   


Zentzu horretan, Euskal Herrian hainbat ekintza antolatzen ari gara. Horien artean, Txirrinka nabarmendu nahiko genuke, maiatzaren 20tik 22ra bitartean Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurka garatuko den bizikleta ibilaldia, guk sortzen dugun aztarna ekologikoa eta CO2 isurien murrizketaren aldeko borrokekin bat eginez. 

Bestetik, hiri txirrindularien Biziz-Bizi taldeak Bizikleta Eguna antolatu du maiatzaren 8an.  Helburua: kotxea protagonista ez duen bestelako hiri-eredua aldarrikatzea, mugikortasun jasangarri eta aktiboari lehentasuna emanez eta CO2 isuriak murriztuz. Era beran, erregai fosilen industriaren aurrean zenbait protesta ekintza egongo dira ere, talde ekologisten aldetik.


Aipatu ere, Fracking Ez taldeak, Estatu Espainiarrak EAEko frackingaren inguruko legeari egindako helegiteari erantzuteko mobilizazioak egingo dituela.

Gainera, datozen egunotan hainbat jarduera gauzatuko dira, Amalurraren Nazioarteko Eguna dela-eta

Bihar, apirilak 22, Ekologistak Martxanek Hiri-Baratzeei buruzko Jardunaldia antolatu du Ekoetxean, 19:00etan. Bertan, hiriguneetatik oso gertu lanean ari diren bi proiektu agroekologikoren berri emango digute: Huertaka, Barakaldon, eta Auzoko Baratza Desazkundea Bilboko Uribarri auzoan. 

Apirilaren 23an, Greenpeacek hitzaldia antolatu du, Txernobylgo istripu nuklearraren 30. urteurrena dela-eta. Horretarako, Svitlana Shmagailo ekintzaile ukrainarra eta Greenpeaceko energia nuklearraren kanpainaren arduradun Raquel Montón izango ditugu gure artean. Shmagailok istripuaren ondorio sozialak eta poluzio-eremuaren barruko bizitza azalduko dizkigu; Montónek, aldiz, Japoniako eskualde kutsatuetako eremuetan ikusi duen egoeraren berri emango digu. 

Azkenik, apirilaren 26an, 13:00etan, Garoñaren Kontrako Foroak ekintza bat gauzatuko du Osakidetzak Bilbon duen egoitzan, istripu nuklearra gertatuz gero, administrazioak biztanleak babesteko dituen baliabide eskasak salatzeko.


SINATZAILEAK


AHT Gelditu Elkarlana - Argilan - Asociación Paz con Dignidad-Omal - Biziz Bizi - Coordinadora AntiCoke - CCOO - Desazkunde - Fracking ez – Goiener Elkartea - Greenpeace - Kima Berdea Elkarte Ekologista - ELA - ESK - Ekologistak Martxan - Herriarte - LAB - 15M Bizkaia - Plataforma de defensa medioambiental Mutrikuko Natur Taldea - Steilas – Sumendi – TxiapasEkin Plataforma Vasca de Solidaridad con Chiapas

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina