2016(e)ko apirilaren 14(a), osteguna

Parte-hartze esparrurako proposamena: Bilboko Udala - Biziz Bizi

Hemen daukazu Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak Udaleko Ingurumen, Garraio eta Zirkulazio Sailarekin batera lan batzordea sortzeko proposamena. Beronen xedea honako hau da: hastapeneko urrats gisa, parte-hartze eta kontraste bideak ezartzea bizikletaren erabilera sustatzen duten erabaki politikoak hobetzeko, beti ere mugikortasun jasangarria helburu. Beste hiri batzuetan egin diren antzerako esperientziek erakutsi dute horixe dela biderik eraginkorrena.


SARRERA

Iazko maiatzeko udal hauteskundeen harira, Biziz Bizi elkarteak orduko egoeraren analisia eta bizikletaren sustapenerako 1998az geroztik udalean hartutako erabakien azterketa egin zuen.

Azterketa horren datuak baliatuta, Bilbo, Bizikletarekiko konpromisoa izeneko txostena jorratu zen, eta udal hauteskundeetan aurkeztuko ziren kandidatura guztiei helarazi zitzaien. Idazki hori onartu zutenen arteko lau hautagaitzak lekua hartu zuten udal ordezkaritzan.

Bilbo, Bizikletarekiko Konpromisoa izeneko txostenean honakoa jasota dago: "2015ean Bizikletaren Mahaia sortzea, Udalaren eta bizikletarekin zerikusia duten sektoreen arteko parte hartzea sustatzeko gune gisa (erabiltzaileen elkarteak barne), konpromiso honetan dauden puntuak abian jarri eta garatzeko".

2015eko azaroaaren 10ean Ingurumen, Garraio eta Zirkulazio Udal Sailarekin izandako batzarrean adostutakoaren arabera, aipaturiko lantalde eratzeko proposamena aurkeztuko genuen.

Bizikletaren erabilera bultzatzeko aztertutako hiri barneko politiken esperientzien analisietan nabarmendutakoak aintzat hartuz, hirietan bizikleta sustatzeko praktikarik onenak bideratu dituzten ezaugarri eta egoerak honako hauek dira:

- Erabiltzaile taldeekin harremanetan jarri, eta hiri barneko mugikortasunarekin lotutako erakunde publiko, enpresa eta elkarteekin parte-hartze dinamika egonkor eta jarraitua sortu da.

- Bizikleta garraiobide gisa eta mugikortasun jasangarriaren aldeko hobekuntzak bultzatzen denbora luzez aritu izan diren pertsonen ezagutza teknikoez baliatu dira.

- Garraiobide izateko bidean bizikletaren aldeko urratsak eman izan direnean, talde politiko guztien arteko adostasuna egon da, edo behintzak liskarrerako gai gisa ez da aintzat hartu.

- Ekintzen denboralizazioa barne hartzen duen planifikazio prozesua egin eta bizikleta hiriko antolamenduan zein mugikortasun orokorraren planen barnean txertatu da. Politikariengan hiritarren mugitze ohiturak, kultura aldaketa eta azpiegitura eta hauentzako beharrezkoak diren zerbitzuak sustatzeko borondatea antzematen da.

- Bizikletaren erabilpena bultzatzeko plangintzarekiko koordinazioa aurrekusi da eta baita hainbat egitasmoren ezarpen, ebaluazio eta jarraipen sistemak ere.

Erakundeak parte hartzaile izateko prozesuetan Bartzelona, Sebilla eta Donostia ditugu eredugarri, batez ere, bizikletaren erabiltzaile elkarteak azken honen sustapenaren plangintza, abiaratze eta jarraipen prozesuetan protagonista bihurtzen baitituzte. Hainbat egoeratan erabiltzaile elkarteek bete dituzte, behar bezala prestaturiko teknikarien faltan, jarraipen, ebaluazio tekniko, esperientzien berri emate eta sustapen ekimenak aurrera eramateko egon diren hutsuneak.

Aipatu beharra dago Bartzelona zein Sebillako esperientzien lekukotza, Bizikletaren Herri Batzordeen jarduna izan baitute. Lantalde hau honakoek osatu dute: Kataluniako Generalitateko Gobenuko sail ezberdinetako ordezkariek osatutako Generalitateko Parlamentuko taldea, bizikletaren erabiltzaile elkarteak, enpresa eta erakundeak eta bizikletaren aldeko Andaluziako hitzarmena. Eragile hauen guztien elkarlanak etengabeko elkarrizketa erraztu, esperientzien eta ezagutzen probetxua ahalbidetu, eta erabaki publikoek sorraraz ditzaketen balizko liskarrak ekidin ditu. Horien artean Sebilla dugu bizikletaren erabilera bultzatzeko azpiegitura zein plangintzei irmoki ekiteko topagune eta konplizidade politikoaren eredu.

Donostian, aldiz, Kalapie elkartearekin hainbat arlo adostu dira. Hauen bitartez, Bizikletaren Behatokia deritzon bizikletaren zuzendaritza plana abiarazi dute. Behatoki honen eginkizuna bizikletaren erabilerari buruzko txostenak garatu eta txirrindularen azpiegituren erabiltzaileekin etengabeko komunikazioa ahalbidetzea da. Erakunde horri zor zaio hirian sortutako eskola-bideen kanpainen garapena.

Hiru hiri hauetan bizikletaren sustapen plana, mugikortasunaren plan estrategikoa eta hiriko antolamendu plana uztartzen dira.

Bilbon, esaterako, hauxe dugu aipagarri:

- Bilboko Udalaren 2015-2019 Bilborako Hiritarren Parte Hartzeko Estrategia barnean "Elkarte-erakundeen arteko zuzeneko parte hartzea bultzatzea" da 2016an zehar aurrera eramango diren egitasmoetariko bat.

- 2016-2020ko Hiri Mugikortasun Planaren jorrapena kontratazio bidean dago. Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan honen baldintza teknikoek barne hartzen dute honakoa burutzea: "Esleipen sailak egitasmoan zehar eta azterketa teknikoarekin batera, parte hartze publikorako prozesuaren diseinua eta garapena burutu beharko du, interesa duten hainbat talde planean murgil daitezen. Honen helburua Bilboko hiritarrak eskatzen ari diren mugikortasun ereduarekiko ardurak elkarbanatzea eta hauei hitza ematea da“. 


UDALARI LUZATUTAKO PROPOSAMENA

Arestian aipatutakoa dela eta, Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak Bilboko Udaleko Ingurumen, Garraio eta Zirkulazio Sailari honakoa proposatzen dio: lan batzordearen sorrera, bizikletaren erabiltzaile eta udal administrazioaren arteko elkargune eta parte-hartze zein alderatze esparru izango dena. Batzordeak honako helburuak izango ditu:

- Bizikletaren sustapenerako udalak aurrekusitako ekintzen balorazioa.

- Ekimenak abiarazteko elkarlana.

- Bizikletaren erabiltzaileen iradokizunak jaso eta dagokionari helaraztea.

- Bizikletarekin loturiko udal politiken eta azpiegituren egoeraren hobekuntzak proposatzea.

Funtzionamendu gisa honakoa proposatzen dugu:

- Eginkorrak izan daitezen aurretiazko gai ordena izango duten hileroko batzarrak.

- Etengabeko harremana hauen bidez: 

o Arduradunak izango diren pertsonak zehaztu (Udala / Biziz Bizi)

o Harremanetarako helbide elektronikoa (Udala / Biziz Bizi)

o Harremanetarako telefonoa (Udala / Biziz Bizi)

2016-2020ko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana aurrera eramateko, batzordeak bere izaera berriro aztertu beharko du, esandako planean jasota dauden parte-hartzeko irizpideen arabera. Bestalde, beste hiri batzuetan dauden Bizikletaren aldeko Mahaiak edota Bizikletaren Behatokia moduko esperientziak ere kontuan hartuko ditu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina